XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zientziaren erlijioa honez gero ez bada, oraindik erlijio kutsu handia ikusten dio Larrazabalek gure gizarteko jarrera askori.

Era desberdinetan azaltzen den positibismoak zientzia ia fede berritzat jotzen du.

Edozein galdera erantzun dezakezu zientzien bidez eta bakarren batzurentzat erantzunik ez badago, seinalea inolako zentzurik gabeko galderak direla azkeneko hauek.

Zientziaren mitifikatze honek (zientzia guztiak zientzia fisiko-naturalen printzipio metodologikoetara erreduzituz) funtzio ideologiko nagusi bat betetzen du gure gizartean, hain zuzen arrazoi zientifikoaren segurtasunean eta etengabeko aurrerapenean sinestaraztea 6 Ib., 10-11..

Erlijioari bezala zientziari norbere burua kontzientzia fidatzen zaio.

Entregatzen zaio.

Bizitzan eta gizartean arrazoizkoa zer den eta zer ez erabakitzeko, haren esanetara jartzen gara (gure gaurko gizartea zientziaren eta teknikaren gainean eraikia dagoenez).

Azkenean zientziak zer den zentzuzkoa eta zer ez eta zeharbidez nola berezi ongia eta gaizkia bera diktatzen du gure gizarteotan.

Hona hemen Larrazabalen analisiko hitzak: Gizarte honetan teknizismoak eta positibismo zientifizistak duten indarraren eraginez, erabateko arrazionalismoa ideologia nagusi bihurtu da eta, gainera, ilusio ideologiko honen lilura koerlatibo baten gisan irrazionalismoari ateak zabaldu dizkio.

Teknizismoak eta zientifizismoak sortarazitako frustrazio sozio-kulturaletatik indar haundiz irrazionalismoa sortu baita, batez ere gazteriarengan arrazoiaren mesprezio praktikoa praktikatu nahirik, espontaneitatearen, plazer zuzenaren, desioaren, ukazio hutsaren... ala utopia fantasmagorikoren baten aldeko pasioaren defentsan.

(Irrazionalismoa zenbateraino zabaldu den gazteriarengan neurtzeko aski da geure Unibertsitate publikoko Filosofi Fakultatera jotzea, logosak ez baitu bertan estima berezirik!).

Irrazionalismo hau, bestalde, ongi samar toleratua dago ideologia nagusi arrazionalistaren aldetik, toleratua eta integratua, (...)